XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mikel Lasa Real Madrileko jokalaria

Badakit non nagoen eta gauzak nola dauden

Mikel Lasak Madriden jarraitzen du udan Realera etortzeko aukera bi aldiz aztertu ondoren, Fabio Capelloren zalantzak zirela medio.

Azkenean Real Madriden jarraitzearekin pozik dago eta, gainera, nahiz eta titular ez izan, orain arteko zazpi partiduetatik bost jokatu ditu.

Betiko leloa: eztabaidatua izan arren gero, azkenean, zelaian ikusten dute.

Madriden horretara ohituta dago jadanik.

Joseba ITURRIA

DENBORALDI hasieran Mikel Lasa zen Fabio Capellok bigarren zatietan zelaian sartzen zuen lehenengo jokalaria.

Azkeneko partiduan ez zion jokatzeko aukerarik eman eta badaki bihar bere jatorrizko taldearen aurka jokatzea ez zaiola erraza izango.

Hala ere ez du itxaropenik galtzen zailtzat duen partiduari begira.

GALDERA: Zer moduz Madriden aurredenboraldi bukaeraraino hor jarraipena ziurtatu gabe eduki ondoren?

ERANTZUNA: Kontent.

Hasieran bazirudien entrenadoreak nirekin ez zuela asko kontatzen.

Baina zazpi partidu jokatu ditugu eta, gehienetan jokatu dut.

Ikusi behar da taldea asko erreforzatu dela, jokalari onak ekarri dituztela eta zaila da aukerak izatea.

G: Denboraldi hasieran zu zinen Fabio Capellok sartzen zuen aurreneko aldaketa.

E: Egia da, azkeneko partidua alde batera utzita, beti jokatzen nuen, hamabigarren jokalaria zela esaten zuten.

Nik badakit non nagoen eta gauzak nola dauden.

Badakit oso zaila dela jokatzea, baina horra, orain arteko zazpi partiduetan bost aldiz jokatu dut.

G: Aurreko urteetan ezker-lateral asko.pasatu dira Real Madridetik.

Roberto Carlosen fitxaketak zailtasun handiak jarri al dizkizu postu horri eusteko?

E: Bai, Roberto Carlos oso jokalari ona da, baina pertsonalki oso ondo moldatzen naiz berarekin.

Postu horretan zaila da jokatzea baina itxaron behar da.

Hala ere, erdilari bezala jokatzen ari naiz, ez nago oso ohituta postu honetan jokatzen, baina jokatzeko aukera ematen dit.

Capelloren konfidantza

G: Nahiz eta titular ez jarri, Capellok badu konfidantza zugan?

E: Deialdian sartzen banaiz eta minutu batzuetan jokatzen badut zerbaitegatik izango da eta ez bere semea naizelako.

Kontua da gauzak ondo egitea, lan egitea eta saiatzea ematen dizkidaten aukerak aprobetxatuz.

G: Nola ikusten duzu zeure taldea denboraldi hasiera honetan?

E: Ondo hasi da eta hori da inportanteena.

Konfidantza hartzen duzu, beste gauza batzuk egiten ausartzen zara, goian jartzen zara eta Realari ongi datorkio, ez beste urteetan bezala, denboraldia gaizki hasi eta gero ezin burua altxa.

G: Ez zara konturatu, izan ere zure taldeaz galdetu dizut, ez Realaz.

Reala ote dago ba zure inkonszientean?

E: Barkatu, pentsatzen nuen Realaz galdetu zenidala, hala ere Reala bada nere taldea ere...

G: Orduan nola ikusten duzu Real Madriden hasiera?

E: Igual ez garela ari oso ondo jokatzen, baina puntuak ateratzen ari gara.

Badakigu gauza gehiago eskatzen digutela.

Joko ona egitea, gol gehiago sartzea, partidua erraz irabaztea, baina azkenean hiru puntuak ateratzea da inportanteena eta horretan ari gara.

G: Real Madriden sendotasuna azpimarratzen da.

Hainbeste aldatu al dira gauzak aurreko urteetatik hona?

E: Nik uste dut taldea aurreko urteetan sendoa zela, igual iazko urtea alde batera utziz.

Capellorekin, honek horretan lan asko egiten du... eta ikusten da guri golak sartzea zaila dela.

G: Nola ikusten duzu Fabio Capelloren lana?

Zer aldaketak egin ditu Real Madriden?

E: Berak egin duena da lan, lan eta lan.

Hori da gauza guztien gainetik egin duena.

Entrenamendu asko egiten dugu, gogor, eta nik uste dut bere sekretua lan eta lan egitea dela.

Lan egiten duzu eta gero partiduetan hori azaldu behar da.

G: Baikor ikusten al duzu taldea izan duzuen hasiera ikusita?

E: Goraka hasi gara.

Ez gara ari ondo jokatzen, baina kontutan izan behar da entrenadorea eta jokalari berri asko etorri direla eta denbora behar dela gure mailarik onena eman ahal izateko.

G: Urrutitik aldaketarik ikusi al duzu Realean?

E: Aldaketarik aipagarriena da bere hasiera ona.

Jokalariak, gutxi gorabehera, berdinak dira eta maila ona ematen ari dira iaz bezala.

G: Zer irizten diezu aurten Realak egin dituen fitxaketei?

E: Mutiu ezagutzen dut Castillan ari zenean berarekin egon nintzelako.

Kovacevic ez dut oso ondo ezagutzen, baina jokalari ona da, batez ere buru-joko ona du.

Partidu zaila

G: Nola ikusten duzu biharko partidua?

E: Partidu zaila izango da.

Gaur egun partidu guztiak zailak dira, talde guztiak gogoz etortzen dira hona jokatzera eta Reala gainera ondo dago, moral handiz, eta gure aurka beti partidu onak egin ditu.

G: Jokatzeko aukerarik izango al duzu?

E: Hasieratik ez dudala izango uste dut.

Baina gero nere aukera izango dudala espero dut.

G: Gainera jokatzen baduzu seigarren partidua da, eta udan zehar hona etortzeko izan diren aukerak bertan behera geratuko al lirateke behin betiko?

E: Ba bai, jokatuz gero dena bukatuko da.

Nik hemen jarraitu nahi dut eta horrela izango da, entrenadorea bat-batean iritziz aldatzen ez bada behintzat.

G: Gainera ez da ona zuretzat ekainean bezala abuztuan denbora guztian zure etorkizunarekin zalantzak edukitzea, ezta?

E: Ez, eta gainera Realera edo beste talde batera joateko zera hori, udan gauzatu behar da.

G: Aurten ere, beti eztabaidan egon ondoren, jokatzen bukatuko al duzu?

E: Hori da urtero gertatu zaidana.

Denboraldi bukaeran kontatzen duzu jokatutako partidu kopurua eta asko ateratzen da.

Eta hori da inportanteena, entrenadorearen konfidantza edukitzea.

G: Eta inportanteena zuk gauzak beti garbi izatea.

Nahiz eta 25 urte besterik ez izan, beti beterano bat bezala hitz egiten duzu.

Madriden esperientzia azkar hartzen al da?

E: Realean lau urtetan ikasten duzuna, hemen urte eta erdi batean ikasten duzu.

Badakizu momentu txarrak ahaztu eta gainditu behar dituzula.

Onenak etorriko dira.